
BIO
Vincho Nchogu narratzaile multimedia bat eta Kenyako Indigenous Knowledge Systems-eko artxibozain digital bat da. 2017an eman zen ezagutzera Nchogu Gabriel and the Mountain film biografiko brasildarraren produktore gisa. Cannesko Zinemaldiko Kritikaren Astean estreinatu zen, eta bi sari bereganatu zituen. Aurretik, Rob Hoffek zuzendutako Future Express (NCVR) sailaren Afrikako ekialdeko eta erdialdeko segmentua produzitu zuen. Nazioarteko dokumental ugari produzitu ditu; besteak beste, Uzo Adubak AEBko Love Vote erakundearentzat egindako film labur dokumentala (Orange is the New Black). Halaber, African Knowledge Systems zuzentzen du, YouTube-n ikusgai dauden hainbat film labur dokumental. 2021ean, Case Number Zero ikerketa-podcasta krimenei buruzko Kenyako podcastik entzunena bihurtu zen. Gaur egun, Nchogu KEDONG zuzentzen eta produzitzen ari da (oso aurreratuta dago), Kenyako, Nigeriako eta Estatu Batuetako isileko ehizari buruzko thriller bat. Film Independent Producing programako kidea da Nchogu.
2025ean, One Woman One Bra zuzendu zuen, eta Veneziako Mostraren 82. edizioan estreinatu zen. Handik gutxira, fikziozko lehen film luzearen Sutherland saria jaso zuen BFI London Film Festival zinemaldian, eta, orduz geroztik, beste sari asko lortu zituen; arrakasta izan zuen kritikarien eta ikus-entzuleen artean.
FILMOGRAFIA
One Woman One Bra (2025). Fikziozko film luzea (80 min).
The Resurrection (2009). Fikziozko film laburra (10 min).
ADIERAZPENAK
GKE batentzako propaganda-filmak egiten hasi nintzen zuzendari-lanetan. Orduan, askotan ikusi nuen nola jendeak bere istorio pertsonalak kendu behar zituen erakundearen “salbazio-mitora” egokitzeko. KONY 2012 dokumental birala mugarria izan zen nire ibilbidean. 30 milioi dolar bildu zituen, baina inplikatutako haurrengan benetan zer eragin izan zezakeen zalantzan jartzera eraman ninduen. Fikziozko nire lehenengo film luzeak, One Woman One Bra, anbizio pertsonalaren, berreskuratze kulturalaren eta dilema etikoaren artean sortzen diren tentsioak aztertzen ditu. Oso esker oneko nago Venice Biennale College-ren laguntzagatik; hari esker, familiarik, senarrik edo seme-alabarik ez badu ere onarpena jasotzeko borrokatzen den emakume baten istorioa kontatu ahal izan nuen. Filmak proposatzen du hausnartzea ea zein den emakume baten identitatea ama, alaba edo emaztea ez bada. Iruzkin politiko gisa hasi zena narrazio feminista bihurtu zen. Nire casting-zuzendariaren bitartez ezagutu nuen Amos Leuka. Beso zabalik hartu ninduen Nkosesiako herrian (Loita) filmatzeko, eta, gainera, antzoki komunitario ibiltari bateko emakumeak elkartu zituen castingerako. Hilabeteak bila eta bila eman ondoren, asteburu batean aurkitu genituen lokalizazioa, antzezle-zerrenda nagusia eta komunitatea. Nire produktorea, nire produkzio-diseinatzailea, nire argazki-zuzendaria eta ni hainbat astez ibili ginen joan-etorrian Nairobi eta Loita artean, produkzio osoa prestatzeko. Antzezle-zerrenda eta produkzio-taldea benetan askotarikoa da: kideen % 70 Nkosesiakoak dira; benetan esker oneko nago horregatik. Zirrara eragiten dit pentsatzeak zenbat jendek ikusi ahal izango duen filma; antzezle-zerrendak eta taldeak sekulako talentua dute, eta arretaz eta arduraz sortu dute filma. Ikus-entzuleek bidaia bati ekingo diote bere etxearen eta identitatearen alde borrokatzen duen emakume batekin, Kenyaren eta Tanzaniaren arteko mugan kokatutako herri bateko soinu eta ikuspegi zirraragarriez inguratuta.

