AKINOLA DAVIES JR.

BIO

Akinola Davies diziplina anitzeko zuzendari, gidoilari eta bideoartista britainiar-nigeriar bat da. Hainbat naziotan garatzen du bere lana, askotariko gaiak aztertuz (komunitatea, arraza, espiritualtasuna, identitatea eta generoa), eta zubiak eraikitzen dituzten istorioak kontatzen ditu, belaunaldiak eta komunitateak elkartzeko. 

Lizard film laburra Sundance Film Festival zinemaldian estreinatu zen 2020an (Epaimahaiaren Sari Nagusia), eta London Film Festival zinemaldian aurkeztu zen. Berlinale Talents 2020 Collective-n parte hartzeko hautatu zuten Akinola, eta “Star of Tomorrow” gisa aukeratu zuen Screen Daily-k.

Sortzaile kutunen bihurtu da Akinola modaren industrian: marka ospetsuekin egin du lan (besteak beste, Gucci, Acne Studios, COS, Moncler, Kenzo, Mulberry eta Louis Vuitton), sormenezko proiektu askotan, bai kameraren aurrean, bai atzean. Fikziozko zineman eta modan egindako lanaz gain, musika-bideoak ere zuzendu ditu Akinolak Neneh Cherry, Kae Tempest, Blood Orange eta beste artista batzuentzat.

 

FILMOGRAFIA

My Father’s Shadow (2025). Fikziozko film luzea. (94 min).

Foresight (2021). Minitelesaila. (1 atal).

Gucci: Gift 2020 (2020). Publizitatezko film laburra. (1 min 17 s).

Lizard (2020). Fikziozko film laburra (18 min).

Hillu (2020). Fikziozko film laburra (12 min). Zuzendarikidetza.

Black to Life (2019). Telesaila (1 atal).

One Day Go Be One Day (2019). Fikziozko film laburra.

Contactless (2018). Fikziozko film laburra.

Amodou et Mariam – Bofou Safou (2018). Bideo ofiziala.

Marks of Worship (2016). Fikziozko film laburra.

ADIERAZPENAK

Wale anaiarekin My Father’s Shadow filmaren gidoia idazten eman nituen egunak benetan bereziak izan ziren. Biak gabiltza zinemaren industrian, baina film bat egitearen ideia zoroa iruditzen zitzaigun. Elkarrekin “oporraldi labur” bat hartzera behartu genuen geure burua, gidoia idazteko. (…) Bietako bat ere ez gara teknikoki gidoigintzan trebatu; hortaz, ideiak botatzen genituen, eta haiei buruz mintzatzen ginen. Inspirazioa hartzeko, argazkiak begiratzen genituen, filmak ikusten genituen, eta abestiak entzuten genituen.

Bagenekien geure mina ere islatuko genuela. Filmean, asko lantzen da hazkuntza, bereziki aitaren aldekoa. Bientzat oso garrantzitsua izan da aitaren irudirik ez edukitzea. Hala ere, aitari buruzko film bat egitea erabaki genuen, (…) nahiz eta ama, ezbairik gabe, gure bizitzako pertsonarik garrantzitsuena den.

Folarin gizon eta aita nigeriarraren arketipoa da: norbait karismatikoa eta xarmagarria, oso langilea, eta familiarekiko betebehar-zentzu nabarikoa. Kanpotik, indartsua dirudi Folarinek, baina, barrutik, oso sentikorra eta emozionala da, segur aski. (…) Folarin nolabait saiatzen da bere maskulinitatea adierazten, baina etengabe aurkitzen ditu oztopoak.

12 edo 13 urte nituela alde egin behar izan nuen Nigeriatik, eta, oso gaztea nintzenez, idealizatu egiten dut. Nigeria haren irudia atzetik datorkit, eta pozik utzi nahi dut ni nerabea. Zinematografikoki, amets egiteko eta naturaz gaindiko drama bat egiteko baimena ematen dizu haurtzaroak. Haur-ikuspegiak aukera ematen du bineta ameslariak egiteko, haurrek guztia ezagutzeko jakin-mina baitute.