IBRAHIM MURSAL

BIOGRAFIA

Ibrahim Mursal zuzendari eta gidoilari norvegiar-somaliar-sudandar bat da. Bere lanean, identitate-kontzeptua aztertzen du, eta ikuspegi zabalduei aurre egiteko eta elkarrizketa sustatzeko asmoz egiten ditu filmak. The Art of Sin (2020) film labur dokumentalarekin aurkeztu zuen bere burua nazioartean, eta haren ondotik etorri ziren Connections (2022) —gaztaroko ikuspuntu multikulturalei buruzkoa— eta Set Pieces (2024) —Bergen IFFn estreinatua—.

Fikziozko haren lehen lana, African Family Dinner (2024, AFRIKALDIA 2026) film laburra, oso txalotua nazioartean, jaialdiz jaialdi dabil orain. Egun, fikziozko bere lehen film luzean murgilduta dabil zuzendaria, justizia eta moralitatea aztertzen hezkuntza kulturalaren leiarren bitartez.

Gainera, Mursalek hitzaldiak ematen ditu unibertsitate eta eskoletan, eta zinemaz baliatzen da modu zehatz, adeitsu eta iradokitzailean tabuei, genero-rolei, espektatibei, kulturari, erlijioari, osasun mentalari eta orientazio sexualari buruz hitz egiteko. Halaber, aholkulari filmikoa da Sex og Politikk GKE politikoki independentean (Norvegiako IPPF). Erakunde horren xedea da sexu- eta ugalketa-osasuna eta harekin erlazionatutako eskubideak sendotzea eta sustatzea, bai Norvegian, bai nazioartean.  

 

FILMOGRAFIA

African Family Dinner (2024). Film laburra. (13 min).

Set Pieces (2024). Film labur dokumentala. (12 min).

Connections (2022). Film labur dokumentala. (13 min).

The Art of Sin (2020). Film ertain dokumentala. (58 min).

The Art of Being a Sinner (2017). Film labur dokumentala. (20 min).

50 Piasters (2012). Ikasle gisa egindako fikziozko film laburra (6 min).

ADIERAZPENAK

“Elkarrekin barre egin badezakegu, hitz egin dezakegu”: ideia horrek eraman ninduen komedia-itxurako film labur bat egitera hain gai polarizatzaile eta sentikor bati buruz: jabetze kulturala eta arrazagatiko mikroerasoak. Norvegian bizi den gizon beltz musulman eta arabiar gisa, nik ere pairatu ditut arrazagatiko abusua eta hedabideen arreta deshumanizatzailea. Gehien harritzen nauena da oso arreta txikia ematen zaiola “eguneroko arrazismoari”, mindu egiten zaituzten eta zer erantzun ez dakizula uzten zaituzten iruzkin eta ekintza zoli horiei. Une horiek segurutzat jotzen dituzun eremuetan gertatzen dira, kideko edo lagun batekin; azal-azaleko iruzkin batek egoera deserosoan jartzen zaitu. Erantzun egiten duzu, eta tentsioa sortzera arriskatzen zara, edo isilik gelditzen zara, eta deserosotasuna irensten duzu?

Film labur honen helburua da deserosotasun hori irudikatzea —lotsaren eta zalantzaren nahasketa—, eta, aldi berean, interakzio horien atzean dauden asmo onak aztertzea; hain zuzen ere, horregatik dira aurre egiteko hain zailak. Komedia-itxura horrek bide ematen dit aspalditik izan nahi nuen elkarrizketa bat izateko: eszenaratzeak hausnarketa bultzatzen du, erru-sentimendurik edo defentsa-jarrerarik sortu gabe, zeinak ohikoak baitira halako elkarrizketetan.

Espero dut film honek hausnartzeko bide ematea, gure bizitzako uneren batean mahaiaren alde batean edo bestean egon garelako. Batzuetan, besteek egiten dituzte guri buruzko iruzkinak, asmo onekoak, baina mingarriak; eta beste batzuetan, berriz, guk egiten ditugu besteei buruzko iruzkinak, konturatu gabe. Elkarrekin barre egiteko eta lotsatzeko gai bagara, uste dut benetan hitz egin —eta hausnartu— ahal izango dugula hurrena hobeto nola egin dezakegun.