ACHILLE RONAIMOU

BIO

Adoumbaye Ronaimou (Achille Ronaimou izenez ere ezaguna, N’djamena, 1978) zuzendari, gidoilari eta produktore txadar bat da, eta Afrikako zinema garaikideko ahots emergenteetako bat. Haren lanak fikzioa eta dokumentala barne hartzen ditu, eta gizarte-errealitateak, injustiziak eta, oro har, Txadeko gizarteko giza esperientzia aztertzen ditu. 2010eko hamarkadaren hasieratik dago aktibo, eta haren filmak nazioarteko hainbat zinemalditan proiektatu dira; besteak beste, FESPACO, kontinentean dagoen zinema afrikarreko jaialdirik handiena. Gizarte-konpromisoko bere film labur eta dokumentalen artean daude 8 Mars (2019), Lausanako Cinémas d’Afrique zinemaldiko sail ofizialean sartua, Kadbor (2014), Mineurs en prison (2013) eta Kanoun (2012). Le Chômeur (2011) telesaila ere zuzendu zuen. Fikziozko haren lehenengo film luzea Diya (2025) da. AFRIKALDIAN estreinatuko da Estatuan, baina TIFFen estreinatu zen mundu-mailan, eta aintzatespen handia bereganatu zuen nazioartean. Ondorioz, Txadeko zinemako mugarri bihurtu da, eta gero eta presentzia global handiagoa duen zuzendari gisa kokatu du Ronaimou.

 

FILMOGRAFIA:

Diya (2025). Fikziozko film luzea (96 min).

8 Mars (2019). Fikziozko film laburra (10 min).

Kadbor (2014). Fikziozko film laburra (26 min).

Mineurs en prison (2013). Film labur dokumentala (16 min).

Kanoun (2012). Film labur dokumentala (13 min). 

Le Chômeur (2011). Telesaila.

ADIERAZPENAK:

Ezer baino lehen, Diya aitortza geografiko eta erlijiosoko istorio bat da. Agertokia eta jantziak pertsonaiak dira berez. 1979an, gerra zibila izan zen Txaden, eta aurrez aurre ipini zituen hegoaldeko kristauak eta iparraldeko musulmanak. Gerra amaitu zenean ere, biztanleek beren afiliazio geografiko eta erlijiosoen arabera zatituta eta sakabanatuta jarraitu zuten. Gaur egun, N’djamenako iparraldeko zenbait auzotan musulmanak bizi dira; auzo horietan, soiltasun erlijiosoa nagusitzen da, eta muezzinaren deiak entzuten dira goizeko 5etan eguneroko otoitzak egiteko. Emakumeek beloak eramaten dituzte, eta burutik oinetaraino estaltzen dira; aldiz, gizonek bubu luzeak daramatzate. Hala ere, hegoaldeko auzoetan, kristauak bizi dira, eta tabernak, gaueko klubak eta elizak daude; emakume eta gizonek mendebaldeko jantziak daramatzate, eta lasai-lasai ibiltzen dira paseatzen. Ezin da Diya filmari buruz hitz egin xehetasun hain garrantzitsu horiek aipatu gabe.