YASSER SHAFIEY

BIO

Zinema-zuzendari egiptoar bat da Yasser Shafiey. Arte Aplikatuen Fakultatean graduatu zen 2006an, eta bitxi-diseinatzailea izan zen zineman hasi aurretik. Zinemarako grinak Kairoko Arte Akademian eta Zinema Eskola Jesuitan ikastera eraman zuen. Fikziozko hiru film labur idatzi eta zuzendu ditu, guztiak nazioarteko zinemaldietan hautatuak: Dream of a Scene (2014), The Man Who Swallowed the Radio (2020), eta Intense Practice to Improve Performance (2018). Azken hori Kairoko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zen, eta sari ugari jaso zituen; besteak beste, Erromako MedFilm Festival zinemaldiko Cervantes Saria eta komedia onenaren saria Erromako Zinema Independenteko Jaialdian. Complaint no. 713317 filmarekin egin zuen debuta film luzeen zuzendari gisa. 2026ko AFRIKALDIAN estreinatuko da Estatuan.

 

FILMOGRAFIA:

Queja n.º 713317 (2025). Fikziozko film luzea (81 min).

The Man Who Swallowed the Radio (2020). Fikziozko film laburra (15 min).

Intense Practice to Improve Performance (2018). Fikziozko film laburra (18 min).

Helm Ek Mash-had (Dream of a Scene, 2014). Fikziozko film laburra (23 min).

ADIERAZPENAK

Hozkailu hondatu batekin hasten da dena. Bizimodu lasaia duen erdiko klaseko hirurogeitaka urteko bikote bat hura konpontzen saiatzen da. Ondoren, deiak, atzerapenak, promes hutsak eta isiltasuna. Erraza dirudi etxetresna elektriko bat konpontzeak, baina askoz ere mingarriagoa den zerbait bihurtzen da: duintasuna mantentzeko borroka hura kendu nahi dien sistema batean. 

Funtsean, “Al Qahr” du hizpide filmak, beste hizkuntzetara itzuli ezin den hitz bat. Ez da injustizia zehazki. Ezta zapalkuntza ere. Zerbait sakonagoa eta biziagoa da; munduko alde honetan modu intimoan ezagutzen dugun zerbait. Al Qahr da gure eskubiderik oinarrizkoenak ukatzeak —isiltasunean, egunero, amaierarik gabe— berekin dakarren pisu emozionala, psikologikoa eta soziala, zeina azkenean bizimodu bihurtzen baita. Ezerk ez funtzionatzea esan nahi du, inork kasurik ez egitea eta horri guztiari laguntzarik gabe aurre egin behar izatea. Film isil bat dugu aurrean. Al Qahr bezala. Ez du beti eztanda egiten. Isiltasunean bermatzen da, atzerapenetan, axolagabetasunean. Jendearen aurpegietako etsipenean ikus daiteke. Nola uzten dioten ezer hoberik espero izateari.  Film hau ez da hozkailu bati buruzko istorio bat. Zerekin —edo zer gabe— bizitzen ikasi dugun du aztergai.