HASSEN FERHANI

BIOGRAFIA

Aljerian jaio zen 1986an Hassen Ferhani zuzendari eta zinemagilea, eta bere auzoko zineklubean deskubritu zuen zinema, Tarkovski, Antonioni, Kiarostami, Cassavetes eta beste egile batzuen filmen eskutik. 2004an, Chrysalide kultura-elkartearekin bat egin zuen. Elkarteak zineklub bat antolatzen zuen astero, eta haren baitan egin zuen bere lehenengo film laburra: Bays of Algiers (2006).

Udako trebakuntza-ikastaro bat egin ondoren La FÉMIS eskolan (Paris, 2008), zenbait film labur dokumental zuzendu zituen, zeinek saria jaso baitzuten Visions du Réel eta FID Marsella zinemaldietan: Afric Hotel (2010), Nabil Djedouanirekin batera zuzendua, eta Tarzan, Don Quichotte et nous (2013), haren hiriari buruzko begirada dokumental bat.

Haren lehenengo film luzea, Roundabout in My Head, 2016ko otsailean estreinatu zen, eta makina bat sari bereganatu zituen: sari nagusia Frantzian produzituriko filmak lehian jartzen dituen FIDeko atalean; Harvardeko McMillan-Stewart Fellowship; urrezko bi Tanit Kartagon opera prima onenari…). Haren bigarren film luzea 143 Sahara Street izan zen, 2022ko AFRIKALDIAN aurkeztua, eta film onenaren zilarrezko Leopardoa irabazi zuen 2019an Locarnon.

 

FILMOGRAFIA:

Alea Jacarandas (2026). Film luze dokumentala (78 min).

143 Sahara Street (2019). Film luze dokumentala (100 min).

Roundabout in My Head (2016). Film luze dokumentala (101 min).

Tarzan, Don Quichotte and Us (2013). Film labur dokumentala (18 min).

Afric Hotel (2010). Film ertain dokumentala (53 min).

Le vol du 149 (2008). Film labur dokumentala (14 min).

Bays of Algiers (2006). Film labur dokumentala (14 min).

ADIERAZPENAK

Aljeria filmatu nahi nuen, eta ohiko irudikapenetatik urrundu. “Aljeriako zeharkaldiak” abiapuntutzat hartu, aitaren liburuetako baten izenburu bati berriro ekitearren. Ameziane (aita) orientalismoan ez jausten saiatzen da bere idatzietan, eta nik ere saihestu nahi nuen, zinemaz baliatuta. Begiradari buruzko film bat ere bada: bereziki jakarandei begiratzen ikasten dugu; hots, hiri osoan barrena dauden zuhaitz dotore horiei, zeinei ez baitiegu arretarik ematen.

(…) Hiri baten arima bertako biztanleengan dago. Filmean dago, bai eta Amezianeren eleberrian eta bizimoduan ere. Egun berean, auzoko gazteekin bezain gogotsu hitz egin zezakeen ministroekin. Zorionez, gizarte-maila guztietako jendea bizi zen Aljeriako auzo batean hazi nintzen.

(…) Aitari galdetu nionean haren liburuan zuhaitzak zer irudikatzen zuen, erantzun zidan jakarandak uko egiteari ezetz esatea eta poesiaren erresistentzia-ekintza sinbolizatzen zituela. Zera esaten zidan maiz: “Emakumeek salbatu gintuzten 90eko hamarkadan. Ederrak ziren, ondo janzten ziren, irten egiten ziren… edertasunaren sugarra piztuta mantendu zuten”. Jakarandarekin, sinbolo ezin hobea aurkitu zuen. Inoren arreta jasotzen ez zuen zuhaitz dotore eta koloretsua. Mundu ezegonkor honetan, poesiari arreta ematea, nire ustez, benetako erresistentzia-ekintza da.