Resem Verkron

BIOGRAFIA

Resem Verkron (1999) zinemako eta musika elektronikoko artista angolarra da. Luandako bi kultur mugimendu nabarmenetan hartzen du parte: Verkron Collective arte urbanoko kolektiboan (hortik datorkio abizen artistikoa) eta Geração 80 egile-zinemako ekoiztetxean.

“Afrofuturismo emozionaltzat” jotzen du bere lana, Estatu Batuetako afrofuturismoari erantzunez. Duela gutxi, Mozambikeko Kugoma zinema-foroak talentu berriei ematen dien Palop saria jaso du. «Las Aventuras de Angosat» filmaren zuzendarietako bat da (Estatu mailan, AFRIKALDIAN estreinatuko da); Angolan filmatutako lehendabiziko film musikala da, eta, duela gutxi, sariak jaso ditu hala Portugalen, nola Estatu Batuetan.

Filmaren arte-zuzendaria Gegé M’bakudi da, Verkronen proiektu gehienetan bidelagun aritzen den artista.

Resem Verkron, halaber, bideoarteko hainbat piezaren egilea da; Lisboako Hangar arte-ikerketako zentroan egindako egonaldian garatu zituen lanok, eta Angolako eta Portugalgo zenbait arte-galeriatan erakutsi ditu. Matxismo toxikoari buruz hausnartzen duen «Lola & Mami» (2021) film laburra zuzenduz debutatu zuen. Bere hurrengo proiektua, zeina garapen-fasean baitago oraindik, Clermont-Ferrandeko jaialdiaren (Frantzia) azken edizioan hautatu zuten.

Luandan bizi da, eta, han, argazki-zuzendari dabil.