Paul Urkijo, Paloma Etienne eta Mariette Monpierre izango dira Afrikaldiaren III. edizioko epaimahaikideak

Afrikaldia, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, bere edizio internazionalena ospatuko du urriaren 2tik 7ra. Gasteizko eta Arabako hainbat gunetan 19 film afrikar ikusgai egongo dira dira, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Vital Fundazioaren eta babesle pribatuen laguntzari esker.

Epaimahaiak lan gogorra izango du jaialdiko sail ofizialeko 12 filmen artean onena aukeratzeko. Era berean, soinu-bandarik onena aukeratu beharko dute. Bestalde, Afrikaldiak protagonismoa emango dio bere publikoari, horregatik Florida zinemetara hurbiltzen diren pertsona guztiek film luze onenaren alde ere bozkatu ahal izango dute. Hiru sariak urriaren 7an Europa Biltzar Jauregian egingo den Itxiera Galan banatuko dira.

Aurten, epaimahaia hautatzeko irizpidearen berritasun gisa, Afrikaldian lehen aldiz nazioarteko pertsona bat sartu dugu. Horrela, Guadalupen jaiotako Mariette Monpierre izango da sail ofizialeko filmik eta soinu-bandarik onena aukeratuko duten 3 pertsonetako bat. “Epaimahaiko kide izatea aukera paregabea da Afrikako talentu berriak topatzeko, ezagutzen ez ditugun istorioak dituen zinema desberdin baten aurrean gaude“, nabarmendu du Mariettek.

Bigarrenik, Paul Urkijo izango dugu, Gasteizko zinema-zuzendari ezagun eta saritua, Afrikaldiarekin duen harremana duela urte batzuk hasi zena, zinema-erakustaldi bat zenean. Zuzendariak nabarmendu duenez, “ezagutzen ez ditugun industria zinematografiko handiak daude. Afrikaldia bezalako jaialdiek Nollywood beste herrialde batzuetara hurbiltzen laguntzen dute“. Urkijoren ustez, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak aurreiritziak apurtzeko balio du, ezagutzen ez ditugun lekuetatik zinemak inportatuz.

Paloma Etienne epaimahaiko hirugarren pertsona izango da. Aktibista AfroQueer-a, eta artearen, teknologiaren eta gizarte-kontzientziaren artean kokatzen den artista polifazetikoak azaldu duenez, “esperientzia ederra dut aurretik, beste sortzaile batzuekin hitz egin ahal izateko beren lanen gaiari, estiloari eta inspirazioari buruz. Palomak funtsezkotzat jotzen du beste zinema batzuetara hurbiltzen gaituzten jaialdi desberdinak izatea.