Afrikaldiaren bigarren edizioak saridunak iragarri ditu eta hiriko kultur-agendan finkatu da

Urriaren 8an izan da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian II. Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren itxiera ekitaldia, eta bertan iragarri dira saritutako filmak.

Amil Shivji zuzendari tanzaniarraren “Vuta N´Kuvute” (Tira y afloja) pelikulak epaimahaiaren saria jaso du.  Sari honetarako, “herri oso baten askatasunaren aldeko borrokarekin eta bere historiarekin kontzientziak irekitzen dituen drama politiko eta erromantikoa egokitzeko gaitasuna” nabarmendu da.

Soinu-banda onenaren saria Lucas Gaudinek irabazi du, Leyla Bouzid Tunisiako zuzendariaren “Une histoire d´amour et de désir” filmari musika jarri dion pertsonak. Kasu honetan, Armandok, Arantzak eta Katixak ikuslea liluratzen duen atmosfera musikala nabarmendu dute, pertsonaien sentimenduekin enpatia eraginez. Gainera, “filmaren garaiarekin eta testuinguruarekin bat datorren musika da”.

Epaimahaiak ere aipamen berezia egin nahi izan die, halaber, “The rumba kings” filmari, bere balio artistiko handiagatik eta dokumentu historiko gisa, “Feathers”-i, bere originaltasunarengatik, “Freda”-ri, sentikortasun berezia eskaintzeko gai izan delako eta “Nous, étudiants”-ri, kanturik onenagatik

Bigarren edizioaren sari banaketa publikoaren sariarekin amaitzen da eta Gessica Geneusen ‘Freda’ lanari eman zaio. Bozketa parekatu baten ondoren, Afrikaldiako. ikusleek Puerto Principetik ihes egiteko asmoa duen familia baten historia nabarmendu dute, prekarietate-egoera eta eguneroko indarkeria areagotu den une batean.

Armando Buika aktoreak, Arantza Ibarra zinemagileak eta Katixa de Silva produktoreak osatu dute epaimahai profesionala. Sail ofizialeko fikziozko 6 film luze eta 6 film dokumental ikusi, aztertu, gozatu eta baloratu dituzte

Afrikaldiako zuzendaritzak eskerrak eman nahi izan dizkie egun hauetan jaialdian parte hartu duten pertsonei. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesa eskertu da, baita hiriko gizarte, kultura eta enpresa sarearen konpromisoa ere.

Afrikaldiaren bigarren edizioa arabar lurraldeko kultur jarduera gisa finkatu da, gizarteen eta pertsonen arteko zubiak eraikitzen eta Afrikako zinemetako ikus-entzunezko ekoizpen aberatsa balioetsiz.

Zorionak! ¡Enhorabuena! Congratulations! Félicitations! saritutako lan guztietako taldeei.

Afrikaldia 2023an ikusiko dugu elkar.