Amil Shivjiren Vuta N´Kuvute pelikulak irabazi du Afrikaldiaren II. edizioko film onenaren saria
Epaimahaiak soinu-banda onenaren saria eman dio Lucas Gaudini-ri, “ Une histoire d´amour et de désir ” filmari, eta “Freda” filmak publikoaren saria irabazi du
Vitoria-Gasteiz. 2022/10/08. Europa Biltzar Jauregiak Afrikaldiaren, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren, II. edizioaren amaiera ekitaldia hartu du. Agurrak 200 pertsona baino gehiago bildu ditu, eta saritutako pertsona eta filmak ez ezik, jaialdia posible egiten duten elkarte eta erakundeak ere baloratu dituzte.
Armando Buika aktoreak, Arantza Ibarra zinemagileak eta Katixa De Silva produktoreak osatutako epaimahaiak lan zaila izan du jaialdiak iraun duen egunetan. Sail ofizialeko fikziozko 6 film luze eta 6 film dokumental ikusi, aztertu eta gozatu ondoren, epaimahaiak aho batez erabaki du film onenaren saria Amil Shivji tanzaniarrak zuzendutako “Vuta N´Kuvute” filmari ematea. Sari honetarako, “herri oso baten askatasunaren aldeko borrokarekin eta bere historiarekin kontzientziak irekitzen dituen drama politiko eta erromantikoa egokitzeko gaitasuna” nabarmendu da.
Soinu-banda onenaren saria Lucas Gaudinek irabazi du, Leyla Bouzid Tunisiako zuzendariaren “Une histoire d´amour et de désir” filmari musika jarri dion pertsonak. Kasu honetan, Armandok, Arantzak eta Katixak ikuslea liluratzen duen atmosfera musikala nabarmendu dute, pertsonaien sentimenduekin enpatia eraginez. Gainera, “filmaren garaiarekin eta testuinguruarekin bat datorren musika da”.
Epaimahaiak ere aipamen berezia egin nahi izan die, halaber, “The rumba kings” filmari, bere balio artistiko handiagatik eta dokumentu historiko gisa, “Feathers”-i, bere originaltasunarengatik, “Freda”-ri, sentikortasun berezia eskaintzeko gai izan delako eta “Nous, étudiants”-ri, kanturik onenagatik.
Azkenik, publikoaren saria Gessica Geneusen, Haitin jaioa, “Freda” lanarentzat izan da. Bozketa parekatu baten ondoren, Afrikaldiako ikusleek Puerto Principetik ihes egiteko asmoa duen familia baten historia nabarmendu dute, prekarietate-egoera eta eguneroko indarkeria areagotu den une batean.
Itxiera ekitaldian, Afrikaldiako zuzendaritzak eskerrak eman nahi izan dizkie egun hauetan jaialdian parte hartu duten pertsonei. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesa eskertu da, baita hiriko gizarte, kultura eta enpresa sarearen konpromisoa ere.