Europa Biltzar Jauregian Afrikaldiaren inaugurazio ekitaldia ospatuko da urriaren 3an

Philippe Lacôte kostamarfildarrak zuzendutako “La noche de los Reyes” filmak Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren II. edizioari hasiera emango dio, 19:00etatik aurrera

Vitoria-Gasteiz. 2022/09/16. Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu Auditorioa izango da Afrikaldiaren, Afrikako Zinemen Euskal Jaialdiaren, edizio berri bati hasiera emateko aukeratutako agertokia. Urriaren 3tik 8ra bitartean, hiriko hainbat espaziotan dozena bat filme eta dokumental proiektatuko dira, aurten Afrikako begirada batetik pertsonen migrazioa ardatz duen jaialdi batean.

Philippe Lacôte kostamarfildarrak zuzendutako “La noche de los Reyes” filma aukeratua izan da inaugurazio ekitaldi honetarako. Iaz Afrikaldiko publikoa liluratu zuen, epaimahaiaren saria jasoz. Mundu mailan ezaguna den filma dugu, Burkina Fason ospatzen den FESPACO jaialdi ospetsuan ere proiektatu dena.

La noche de los Reyes” filmak gaizkile txiki baten ibilbidea jasotzen du, beldurtuta sartzen dena “La Maca”-n, baso baten erdian dagoen kartzela batean; arau propioak dituen eta presoak berak agintariak diren espetxe batean, hain zuzen. Europako Jauregira hurbiltzen diren ikusleek Philippe Lacôte zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango dute.

Inaugurazio ekitaldian, filmaren proiekzioaz eta ondorengo solasaldiaz gozatzeaz gain, Afrikaldiko protagonistak ezagutzeko aukera egongo da. Rebeca Nguissani kazetariak gidatuko duen hitzorduak jaialdiaren II. edizio honetarako hautatutako filmen trailerrak ere eskainiko ditu.

Datozen egunetan Afrikaldiak iragarriko du non eta nola erosi ahal izango diren sarrerak. Bitartean, berri guztiak estreinatu berri den www.afrikaldia.com webgunean ikusi ahal izango dira.