Afrikaldia Gasteizen egingo da urriaren 3tik 8ra bitartean

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren bigarren edizioak 20 proiekzio baino gehiago aurkeztuko ditu Gasteizko Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak, Estibaliz Cantok, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren, Afrikaldiaren, bigarren edizioa aurkeztu du. Urriaren 3tik 8ra bitartean egingo da Arabako hiriburuan. Prentsaurrekoan izan dira hauek ere: Jose Antonio Rodríguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioaren zuzendaria; eta Beatriz Leal, Afrikaldiako programazioko zuzendaria.

“Afrikaldiak ekarpen handia egiten dio gure hiriari, euskal kulturaren eta kultura afrikarraren arteko topagune bihurtzen baita eta horrek kohesio soziala bultzatzen baitu. Horregatik, Gasteizko Udalak babes osoa ematen dio Hezkuntza eta Kultura
sailetik zein nire lankide Jon Armentiak zuzentzen duen Garapenerako Lankidetzatik”, adierazi du Cantok.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak, Jose Antonio Rodríguez Ranzek, nabarmendu duenez, “Euskadiren lankidetza herrialde eta lurralde askotako prozesuetan topa dezakegu eta horren guztiaren helburua da pertsona guztiek giza garapen jasangarria eta justizia soziala lortzea. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saila osatzen dugunon ustez, Euskadin ere ekintzak garatu behar ditugu gizartea prozesu horietako partaide bihur dadin.

Bestalde, Vital Fundazioko zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacuak, honako hau nabarmendu nahi izan du: “Afrikako kulturartekotasuna ikusgai jartzeko beharrezkoa eta parekorik ez duen jaialdia babestearen alde egindako apustua. Horri esker, kritikotasuna garatu, ezagutu eta eztabaida dezakegu migrazioaren moduko errealitateen eta beste batzuen aurrean, eta horrek guztiak, beste behin, Gasteiz eta Araba Afrikako zinemaren lehen postuetan kokatuko du. Afrikaldia sortzaileak
sustatzeko eta eztabaidarako eta partaidetzarako plataforma berriak sortzeko gune gisa indartzen ari da”.

Urriko lehen astean, Florida zinema-aretoek dozena bat emanaldi eskainiko dituzte eta, haien bidez, kalitatezko zinemari esker, Afrikan barneratzeko aukera izango dugu. Atal ofizialak fikziozko 6 film luze eta 6 film luze dokumental eskainiko ditu. Ekoizpen lanetan 20 herrialde baino gehiago daude sartuta. Filmen artean, Estatu mailan estreinatuko dituzten 3 lan daude: Hegoafrikako ‘Mlungu Wan’ filma (‘Buena señora’), Jenna Cato Bass-ena; ‘Otiti’, Nigeriako Ema Edosio-rena, eta ‘Vuta N´kuvute’ (‘Tira y afloja’), Amil Shivji-rena. Gainerako filmak Euskadin lehen aldiz eskainiko dira.

Aurten, jaialdiko epaimahaia ikus-entzunezkoetako Katixa de Silva Ruiz de Austri ekoizleak, Armando Buika aktoreak eta Arantza Ibarra zuzendariak osatuko dute. 3 horiek arduratuko dira edizioko lan onena izendatzeaz.

Kolaborazioak

Montehermoso jauregia izango da jaialdiko beste topaguneetako bat. Vitoria-Gasteiz Film Officeren lankidetzarekin, atal industriala landuko da. Sektoreko profesionalentzako topagunea izango da eta Estatuko eta nazioarteko gonbidatuak
bilduko dituen eztabaiden eta hitzaldien zikloa jasoko du.

Gainera, aurtengo edizioan, jardunaldi akademikoak egingo dira berriro. Afrikako kultura EHUko ikasleengana gerturatzeko asmoz, Arabako campusak 4 film eskainiko ditu. Amaieran, gainera, Afrikaldiaren bigarren edizioko gai nagusian espezializatuta dauden dinamizatzaileekin batera mahai-ingurua egingo dute. Amaitzeko, Afrikaldiak, beste behin, Gasteizko Udalaren Kale Heziketako Programarekin egindako aliantzaren aldeko apustua egin du. Hiriko hainbat gizarte-etxetan, Karina Senatorek, Afrikaldiako kartela diseinatu duenak, collage artistikokotailerra zuzenduko du 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat.

“Gasteiztarrak animatu nahi ditut Afrikaldiak proposatzen dituen hitzorduekin batera egitera urriaren 3tik 8ra bitartean Gasteizen. Kontinente zirraragarri bati lotutako filmak eta dokumentalak ikusi ahal izateko aukera paregabea da”, adierazi du zinegotziak.

Helburuak

Afrikaldia da penintsulako iparraldeko Afrikar Zinemen Jaialdi bakarra. Kultura Bendera Elkarteak eta Afrikaren Aldeko Manuel Iradier elkarteak bultzatzen dute eta jaialdiaren helburua da Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna bistaratuta giza garapen integrala indartzea. Gainera, Euskadiko eta Afrikako kulturaren arteko topaguneak
bultzatu nahi ditu kohesio sozialean oinarrituta.

Erakunde sustatzaile horiez gain, Gasteizen bizi diren afrikarren hamabi elkartek hartzen dute parte Afrikaldian modu aktiboan. Guztiek laguntzen dute gizarteen arteko zubi-lana egiten, Afrikari buruzko begirada zabalduta eta bertako zinematografia arloko ekoizpenari balioa emanda.

Bigarren edizio honetako kartela Karina Senatorek, Euskal Herriko Unibertsitatean Sorkuntzan eta Diseinuan graduatuak, egin du eta irudiak “Afrikako kontinentearen migrazio-errealitatea” erakusten du. “Bi gazte azaltzen dira, oro har, prozesu horietan gehien barneratzen direnak baitira”.