
“Queja nº 713317” pelikulak irabazi du Afrikaldiako VI. edizioa
Epaimahaiak Soinu Banda Onenaren saria “Djeliya, memoria del mandingo” filmari eman dio
Artium Museoak Afrikaldiaren VI. edizioaren Itxiera Gala ospatu du. Bertan, epaimahaia osatu duten pertsonek, Lamine Thior, Jusciele Oliveira eta Carmen San Estebanek, haien erabakiaren nondik norakoak ezagutzera eman dute. Afrikaldian parte hartzen duten erakunde, babesle eta kolaboratzaileek ere parte hartu dute ekitaldian.
Eztabaida korapilotsu baten ondoren, non epaimahaia osatzen duten pertsonek euren iritziak partekatu dituzten, aho batez erabaki da Afrikaldiaren VI. edizioko film onenaren saria Yasser Shafieyren “Queja nº 713317” filmari ematea.
Epaimahaiak umore kementsu berezi bat saritu nahi izan du. “Gure ustez, horixe da, hain zuzen ere, bere trebetasunen handienetako bat, ez baita batere erraza gai dramatiko bereziak jorratzea eta global bihurtzea ironiari eta umoreari esker“, argitu dute.
Gainera, Jihan eta Vincho Nchoguren “My Father and Qaddafi” eta “One Woman One Bra” filmei aipamen bereziak eskaintzea erabaki du epaimahaiak. Zuzendariek gatazka beliko desberdinak pairatzen dituen mundu batean istorio bat transmititzeko erakutsi duten ausardiagatik nabarmentzea adostu dute Thiorek, Oliveirak eta San Estebanek.
Bigarrenik, Boubacar Sangarek Afrikaldiko Soinu Banda Onenaren saria jaso du “Djeliya, memoria del mandingo” lanari esker. Epaimahaiak azaldu duen bezala, “GRIOT baten tradizioa bilatzeko ibilbideak Mendebaldeko Afrikako herrialdeetatik bidaiatzera garamatza, musika ardatz hartuta“.
Azkenik, Afrikaldiaren publikoaren saria, aurten Sarah Goherren lana eta bere “Happy birthday” filma saritu nahi izan ditu. Toha neskaren istorioa, haurren esklabotzarekin lotua, izan da ARKABIAko eta Izaskun Arrue Kulturguneko ikusleen artean pelikularik bozkatuena.
VI. edizio honetan, Afrikaldiak Vitoria-Gasteiz hartu du berriz ere. Eskainitako 10 pelikulek ikusleei erakutsi diete Afrikako eta bere diasporako ikus-entzunezko industriak asko duela esateko. Filmek asistentzia bikaina jaso dute ARKABIA aretoan eta Izaskun Arrue Kulturgunean. Gainera, jaialdira hurbildu diren pertsona guztiek solasaldi bat izan dute hainbat zuzendarirekin.
Bestalde, Afrikaldiak antolatutako aktibitate guztiek, zinema aretotatik kanpo ospatutakoek ere, erantzun bikaina izan dute. Jai Alai apartamentuek, EHUko Unibertsitate Campusak, Mendizabalako Institutuak edo ID arte – Euskadiko Diseinu Publikoko Eskolak hainbat jarduera burutu dituzte azken egunotan.
Afrikaldia oraindik ez da bukatu eta hurrengo egunetan Gasteizen eta Araban hainbat ekitaldi antolatu dira. 10ean, asteartea, Jusciele Oliveirak “Miradas sobre el cine de Flora Gomes” tailerra ospatuko du Artium Museoan. Azaroaren 10ean, EHUko Erizaintza Fakultatean, “African family dinner” filma proiektatuko da eta azaroaren 27an, Santikurutze Kanpezun, “Têtes brûlées“.
Afrikaldiaren itxiera galan jaialdiarekin kolaboratzen duten afrikar elkarte guztiak nabarmendu dira; izan ere, haien laguntzarik gabe jaialdia ez litzateke posible izango. Halaber, erakundeek eta babesleek urtez urte jaialdiari eskaintzen dioten arreta eta konpromisoa eskertu da.

