
BIO
Sarah Goher gidoilari eta produktore egiptoar-estatubatuar bat da, eta Bronxen hegoaldean jaio eta hazi zen. NYU Tischeko eta Nightingale Bamford eskolako ikasle izan zen Sarah, eta Cairo 678 (2010), Clash (2016) eta Amira (2021) filmetan lan egin zuen, baita Marvel Studios-en Moon Knight (2022) telesailean ere. Happy Birthday lanarekin egin zuen debuta fikziozko zuzendari gisa. 2025eko Tribecako Zinemaldian estreinatu zen, New Yorkeko hirian, eta hiru sari bereganatu zituen: Nazioarteko Film Luze Onena, Nazioarteko Gidoi Onena eta zinemagile gailenarentzako Nora Ephron saria.
FILMOGRAFIA
Happy Birthday (2025). Fikziozko film luzea (91 min). – Zuzendaria.
Moon Knight (2022) – Mini TV series (6 atal, 50 minutukoa bakoitza). – Produkzio-aholkularia
Amira (2021). Fikziozko film luzea (98 min). – Produktorea.
Clash (2016). Fikziozko film luzea (97 min). – Sormen-produktorea.
Cairo 678 (2010). Fikziozko film luzea (100 min). – Produktorea.
ADIERAZPENAK
Film hau egin nahi nuen… Sahar zuelako izena. Nire adineko neska bakarra zen amonaren etxean, Kairon; han igarotzen nituen udak, New Yorketik urrun. Nik ia ez nekien arabieraz, eta berak ez zekien ingelesez, baina inoiz ez zen oztopo izan gure zorigaizto amaigabeetan. Haurra nintzela, inoiz ez nion garrantzirik eman neska hura amonaren zerbitzari izateari. Are okerrago, erabat normala balitz bezala onartzen zuten denek haren presentzia. Amona goraipatu ere egiten zuten etxean hartu zuelako, errealitate eta lan askoz ere gogorragoak eta ez dakit beste zenbat gauza saihesteko… Baina, elkar hobeto ezagutu ondoren, konturatu nintzen sentimendu izugarriak ezkutatzen zituela itxuraz inork nabaritzen ez zuen gorputz txiki hark; haren identitate-sentsazio nahasia bi mundu krudel eta hain desberdinen arteko linboan zegoen. Istorioa eta Toharen pertsonaiaren garapena izugarri inspiratu ziren Saharrengan.
“Haur neskame” hitzak ikara eragin behar liguke, erraietako deserosotasuna eta sumindura sakona. Toha bezalako adingabeak hierarkia sozial zurrunetan daude: egitura horiek mugikortasun-aukera eskasak eskaintzen dituzte, eta goi-klasearen eta behe-klaseen arteko interdependentzia eta tentsio gordinak sustatzen dituzte. Dinamika tirabiratsu horretan garatzen da Toharen istorioa. Haren emozioen konplexutasunetan aztarrika egiten du filmak, eta, bitartean, Toha atsedenik gabe ahalegintzen da alegiazkoa den baina edozein gizakirentzat ulergarria den desira bat gauzatzen.
Egipton, debekatuta dago haurrek lan egitea, eta zigortu ere egin daiteke. UNICEFen arabera, gaur egun, 160 milioi adingabek baino gehiagok egiten dute lan munduan. Kopuru horrek ez ditu islatzen klasismoa ezkutatzen duten borondate onaren aitzakia faltsuen arteko arrakaletatik lerratzen diren Toha guztiak.

