
Afrikaldiak bere VI. edizioko kartela aurkeztu du, nortasunari eta partaide izateari bideratuta
La Reunion uhartean jaiotako Laurent Leger argazkilari dokumentalistak diseinatutako kartelak afrikarren azken belaunaldien nortasuna, harrotasuna eta erresistentzia irudikatzen ditu
Vitoria-Gasteiz. 2026/09/24. Afrikaldiak, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak, VI. edizioa ospatuko du azaroaren 3tik 9ra Vitoria-Gasteizen. Aurten Vital Fundazioaren Arkabia zentroa izango da jaialdiaren gune nagusia, non Afrikaldiaren sail ofizialeko gaztelaniazko azpitituluak dituzten 10 proiekzioak eskainiko diren lehen aldiz.
Afrikaldiak zinema afrikarren aniztasuna aldarrikatzeko apustua egiten du, bai jatorrizko lurraldeengatik, bai narratiba, hizkuntza, genero, estetika eta errealitate garaikideei heltzeko moduengatik.
Aurtengo ediziorako, jaialdiaren gai nagusia afrikar komunitatearen nortasunaren eta parte izatearen ezinbesteko garrantzia izango da. Gaur egun hainabt kultura elkarrekin bizi dira hiri edo herrialdeetan; horregatik, garrantzia handia irabazi du jatorria defendatzeak eta partekatzeak.
FOT&CO argazki dendak hartu du Afrikaldiaren kartelaren aurkezpena. Bertan, Laurent Leger kartelaren diseinatzailea eta Muna Madhi y Akram Bendouba Rabah izan dira, jaialdian parte hartzen duten 17 elkarte afrikarren ordezkari gisa.
Laurent Leger, La Reunion uhartean jaiotako argazkilari dokumentalista eta bideografoak azaldu duen bezala, bere asmoa “bi pertsonen arteko besarkada islatzen duen argazki baten bitartez istorio bat ikuslearen irudimenean irekita uztea” izan da.
Bestalde, irudian Afrikako kulturekin zuzenean lotutako xehetasunak ikus daitezke. “Afro-orraziak komunitate ondorengo belaunaldien nortasuna, harrotasuna eta erresistentzia irudikatzen ditu, eta beloa arazo bihurtzen duen estigmatik urrun eraman nahi izan dut“, azaldu du Legerrek.
Madhik eta Bendoubak elkarteek urte hauetan Afrikaldiak hirian izan duten arrakasta eta jaialdian egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute. “Asko eskertzen dugu Vitoria-Gasteizek gure zinema eta kultura gerturatzen duen jaialdia bat ospatzea”, adierazi dute. Era berean, gogorarazi dute urte osoan zehar Afrikaldia Arabako lurralde historikoaren hainbat herrietan ere egoten dela, Arabako Foru Aldundiarekin duen akordioari esker.
Amaitzeko, jaialdia antolatzen dituzten ekintza desberdinetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. “Edizio honetan gune eta proposamen berriak gehitu dizkiogu programari Afrikaldia publiko anitz batera hel dadin. Arkabia zentroaz gain, Artium Museoa, Jai Alai apartamentuak eta Fot&Co argazki-denda aurten estreinatuko dira jaialdiaren espazio gisa “, gogorarazi dute.
Aurten ere Afrikaldiak afrikar zinemak euskaldunengana hurbiltzeko apustua egingo du: Izaskun Arrue Kultur Etxean eskainiko dira euskarara azpititulatutako filmak.
Kultura Benderak eta Manuel Iradier Afrikar Elkarteak antolatzen duten Afrikar Zinemen Eusko Jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziare eta Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzaren bitartez, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntza eta babesa jasotzen du.

