Afrikaldiak bere ediziorik zabalena ospatuko du Gasteizko hainbat gunetara iritsiz

Arkabia Aretoa, Artium Museoa, Jai Alai Apartamentuak eta Fot & Co argazki-denda espazio berri gisa estreinatuko dira

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia, seigarren edizio honetarako, berriz ere Gasteiz zinemaz betetzeko prestatzen ari da azaroaren 3tik 9ra bitartean. Aurten, aurreko edizioetan baino gela edo areto gehiagotan gara; horrela, zinema-lehiaketa ahalik eta publiko gehien bilduko ditu, hiriko bederatzi gunetan jarduerak eskainiz.

Edizio berri honetan, berritasun nagusia sail ofizialean dago: film guztiak Vital Fundazioaren Arkabia Aretoan proiektatuko dira. Hilabete gutxitan, gune kultural berri hau Euskal Herriko gune kultural ospetsuenetariko bat bihurtu da. Bertako areto desberdinek ikusleen erosotasun eta esperientzia onena ahalbidetuko dute.

Bestalde, Afrikaldiaren programazioan beste hiru gune berri topatuko dira. Artium Museoak, lehen aldiz, Itxiera Gala eta Sari-banaketa hartuko ditu. Hirian zabaldu berri diren Jai Alai Apartamentuetan Industria Atalaren hainbat jarduera antolatuko dira. Gainera, Olagibel kalean dagoen Fot & Co argazki-denda izango da jaialdiaren egoitza ofiziala eta Afrikaldiaren informazio-gunea.

Izaskun Arrue Kulturguneak, EHUko Unibertsitate-Campusak, Mendizabalako Institutuak, ID arte – Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoak, Arte eta Lanbide Eskolak eta Gasteizko Udaleko Kaleko Hezkuntza Programek ere Afrikaldiarekin dituzten hitzarmenak berritu dituzte. Esparru horretan, Izaskun Arrue Kulturguneak euskaraz azpititulatutako Sail Ofizialeko proiekzioak eskainiko ditu afrikar zinemak euskarazko kultur agendan indartuz.

Azkenik, aurten ere, Afrikaldiak bere gain hartuko du konpromisoa eta Arabako landa eremuetara hurbilduko du jaialdia. Arabako Foru Aldundiaren Berdintasun Zerbitzuaren proiektuari esker, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia Errioxako, Mendialdeko edo Arabako Lautadako Kuadrilletan ere disfrutatu ahal izango da.