
“The Heart is a Muscle” izan da Afrikaldiaren 5. edizioaren irabazlea
Epaimahaiak “Mário” dokumentalari eman dio jaialdiaren Soinu Banda Onenaren saria
Afrikaldiaren V. edizioa Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako Itxiera Galarekin bukatu da. Sambou Diabyk zuzendutako zeremonia batean eta erakundeak, babesleak eta laguntzaileak bertan zirela, jaialdiko epaimahaiak bere erabakia adierazi du.
Sabrina Onanak, Pilar Ruiz de Larreak eta Aïcha Camarak, eztabaida sakon baten ostean, Afrikaldiaren V. edizio honetako film onenaren saria “The Heart is a Muscle” Imran Hamdulay hegoafrikarrak zuzendutako filmari ematea ebatzi dute. Erabakia hartzerakoan, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du “gizarte honek baduela erremedioa, beti ikasi dezakeenq, geure emozioei aurre egiteko gai garela eta barkamena eskatzea sendagarria dela”.
Billy Woodberry estatubatuar zuzendari ospetsuak ekoiztutako “Mário” dokumentalak jaso du Afrikaldiaren bigarren saria; jaialdiko Soinu Banda Onena izendatu dute. “Aberastasun historiko handiko lana da, eta soinuzko artxiboen erabileraren bidez, Angolako narratiba nazionalaren barruan baztertutako pertsona baten historia intimoa eta independentzia prozesuaren gertaera politikoak eta nazioartekoak lotzen ditu“, nabarmendu du epaimahaiak.
Era berean, Onanak, Ruiz de Larreak eta Camarak “Les enfants rouges“, “Didy“, “Liti Liti” eta “Hanami” filmei aipamen berezia egitea erabaki dute. Aurten, Afrikaldiako epaimahaia bat dator: edizio honetan aukeratutako pelikulek kontinentean dagoen kalitate zinematografikoa goraipatzen dute.
Azkenik, publikoaren saria Mohamed Rashad egiptoar zuzendariaren “The Settlement” lanak irabazi du. Jaialdiaren ikusleak biziki hunkitu ditu pelikularen zintzotasunagatik, begirada sozialagatik eta indar bisualagatik.
Jaialdiak iraun dituen zazpi egun hauetan Afrikaldiak hiriko gune desberdinak bete ditu. Florida Zinemak eta Izaskun Arrue Kulturguneak ehunka ikusle bildu dituzte arratsaldero; espazio hauetan pelikulen zuzendariekin hitz egiteko aukera izan dute. EHUn, Arte eta Lanbide Eskolan edo Europa Kongresu Jauregian, Afrikaldiako jarraitzaileen erantzuna ere sendoa izan da jaialdiak antolatze dituen hitzaldi eta tailerretan.
Datozen egunetan, gainera, Afrikaldiak Artium Museoan presentzia izango du lehen aldiz. Azaroaren 5ean eta 6an, 11:00etan, Beatriz Lealek, jaialdiko programazio zuzendariak, “Afrikako ikastaroak perspektibarekin” tailerra eskainiko du.
Itxiera Galan, jaialdiaren zuzendaritzak Gasteizko herritarrek afrikar zinemen eta kulturen duten interesa azpimarratu du. Bost urteren ondoren, zalantzarik gabe, Afrikaldiak Arabako kultur agendan finkatzea lortu du. Hori guztia Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, baita lurraldeko merkataritza- eta industria-ehunaren laguntzarekin ere.

