Afrikaldiaren V. edizioa Europa Biltzar Jauregian ospatuko den galarekin hasiko da
Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren V. edizioa bihar hasiko da Europa Biltzar Jauregian egingo den Inaugurazio Galarekin (19:00). Aurten, Florida Zinemetan eta Izaskun Arrue Kulturgunean ikusi ahal izango diren 12 filmek osatuko dute jaialdiko sail ofiziala. Gainera, Gasteizko espazio desberdinetan hitzaldiak, kulturen arteko topaketak edo tailerrak ere izango dira.
Inaugurazio ekitaldia Sambou Diaby senegaldar jatorriko euskal aktoreak gidatuko du eta bertan administrazio publiko desberdinen ordezkariek parte hartuko dute. Edizio honetan, Afrikaldiak kontinentearen zinemek hasieratik izan duten bilakaera nabarmendu nahi du; horregatik, Souleymane Cissé omenduko da, joan den otsailean hil zen zuzendaria. Malik Espainian duen enbaxadore Abdrahamane Babyk jasoko du errekonozimendua Ciseéren familiaren izenean.
Inaugurazio ekitaldian “As Aventuras do Angoast” filma ikusi ahalko dute Europa Jauregira gerturatzen direnek. Pelikulak espaziora bidaiatzea amesten duen gazte baten istorioa kontatzen du. Bertan Resem Verkron eta Marc Seren zuzendariak egongo dira, pelikula ostean ikusleekin eztabaidatzeko prest.
Betto Snayk, duela bi hamarkadatik Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den musikari angolarrakk itxiko du gala. Ekitaldian Afrikaldiaren programazioaren xehetasunak emango dira eta jaialdiaren gonbidatuei eta epaimahaiari ongi etorria eskainiko zaie.
Aurten ere, Afrikaldiak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza instituzionala jaso du. Baita hiriko komertzioaren babesa ere. Jaialdiaren esparruan, gainera, Gasteizen finkatutako 16 afrikar elkarte ditugu haien etengabeko laguntzarekin.

