BIOGRAFIA
Mohamed Rashad zuzendari, gidoilari eta ekoizle egiptoarra da, eta Ingeniaritza Zibilean graduatu zen Alexandriako Unibertsitatean. Alexandriako Zinema Eskola Kultural Jesuitan bi urtez zinema-lantegi bat egin ondoren, fikziozko bi film labur zuzendu zituen: From Afar (2005) eta Maxim (2007). Geroago, zuzendaritza-laguntzaile aritu zen hainbat ekoizpen nabarmenetan; horien artean, Coming Forth by Day dago, Hala Loftyk zuzendua (harekin batera, Hassala Films sortu zuen).
2016an, lehenengo film luze dokumentala zuzendu zuen, Little Eagles; Dubai IFFen estreinatu zuten, eta nazioarteko hainbat sari jaso zituen. The Settlement filma, berriz, zeina Estatu mailan AFRIKALDIA 2025en estreinatuko baita, bere debuta da fikziozko film luze baten zuzendari gisa. Mundu mailan, Berlinale 2025eko Ikuspegiak sekzioan estreinatu zen.
FILMOGRAFIA
Al mosta’mera (The Settlement), 2025. Fikziozko film luzea.
Little Eagles, 2016. Film luze dokumentala.
Maxim, 2007. Fikziozko film laburra.
From Afar, 2005. Fikziozko film laburra.
ZUZENDARIAREN ADIERAZPENAK
Oro har, industria-eremuek erakarri egiten naute, izan bisualki, izan toki horietan izaten diren istorio eta gertaerengatik. Oso zinematografikoak iruditzen zaizkit. Halere, film egiptoarrek gutxitan miatzen dituzte eremu horiek, nahiz eta ahal zinematografiko aberatsa eduki, Egiptoko gizartearen segmentu adierazgarri bat irudikatu eta, errealitatearen isla garrantzitsua direnez, eremuok duten pisu sozial handia erakutsi.
Bere aitari buruz hitz egin zidan gazte bat kasualitatez ezagutu nuenean sortu zitzaidan filmerako ideia. Aita eraikuntzako langilea zen, eta ezbehar batean hil zen, lanean ari zela. Heriotzaren ondoren, enpresak lana eskaini zion, eta hark onartu; aita hil zen toki berean lan egitea aukeratu zuen. Topaketa hark gizarte-inguruabar latzen, familia-dinamiken eta, zehazki, aita-semeen arteko loturaren inguruko galdera ugari planteatu zizkidan.