
Afrikaldiaren seigarren edizioak 10 film eskainiko ditu azaroaren 3tik 10era Gasteizen
Fikziozko sei film luze eta lau dokumental proiektatuko dira Arkabiako egoitzan eta Izaskun Arrue Kulturgunean
Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren seigarren edizioa hartuko du Vitoria-Gasteizek azaroaren 3tik 10era, eta aurten 10 film izango ditu sail ofizialean, horietako sei estreinaldi nazionalak. ‘Identitatea eta kidetza aldatzen ari den mundu batean’ lelopean, eraldatzen ari den mundu bateko identitateei eta kide izatearen sentimenduari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu egitasmoak. Fikziozko sei film luzeren eta lau dokumentalen bidez, jaialdiak Afrikako zinemen aniztasuna erakusten duten istorioak eta esperientziak hurbilduko dizkie ikusleei, eta gero eta kulturaniztunagoa den mundu honetako gizarte- eta kultura-aldaketak esploratzeko aukera emango dute.
Prentsaurreko bidez jakinarazi dituzte edizio berriko xehetasunak gaur goizean. Bertan izan dira Garapenerako Lankidetzaren zinegotzia, Ana López de Uralde; Vital Fundazioko zuzendaria, Arantxa Ibañez de Opacua; eta jaialdiaren zuzendaria, Itziar Inza.
López de Uraldek nabarmendu duenez, “Garapenerako Udal Lankidetza Zerbitzutik hitzordu hau babesten dugu, Afrikara haren istorioen, begiraden eta errealitateen bidez hurbiltzeko aukera ematen baitigu, asko kontatzeko duen kontinente baten aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko aukera emanez”. Era berean, azpimarratu duenez, “Afrikaldiak Afrikako zinemagileen talentua ezagutarazten laguntzen du, mundua kontatzeko eta ulertzeko modu berriak ezagutzeko aukera ematen du, eta nazioarteko panoraman gero eta presentzia handiagoa duen zinemagintzaren kalitatea aitortzen laguntzen du”.
Bestalde, Ibañez de Opacuak adierazi duenez, “askotariko eta etengabe eraldatzen ari den gizartean bizi gara, non pertsonek esperientzia, kultura eta lotura anitzetatik abiatuta eraikitzen duten beren nortasuna. Leku desberdinetako kide senti gaitezke, hizkuntza desberdinak hitz egin ditzakegu eta mundua ulertzeko modu desberdinak partekatu ditzakegu, horietako bakar bati ere uko egin gabe. Aniztasunak aberastu egiten gaituelako eta gizarte irekiagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen digulako. Vital Fundazioak bizikidetza, errespetua eta gure gizartearen parte den aniztasunaren aitortza sustatzen duten ekimenak babesten ditu”.
Inzak nabarmendu duenez, “Afrikaldiako generoen, estiloen eta estetiken aniztasun handiak agerian uzten du profesional afrikarrek eta afrikar ondorengoek gero eta presentzia handiagoa dutela industria zinematografikoan”. Guztira, Afrikako eta diasporako 20 herrialde izango dira Afrikaldiaren VI. edizioan.
Programazioa
Sail ofizialaren programazioak askotariko proposamenak eskainiko ditu, hala nola familia barruko dramak (‘My Father’s Shadow’), thriller sozialak (‘Diya’) eta komedia dramatikoak (‘One Woman One Bra’). Nobedadeen artean, Damien Hauserren ‘Memory of Princess Mumbi’ ere nabarmentzen da, adimen artifizialak sorkuntza zinematografikoan dituen aukerak aztertzen dituen eta zinema garaikidearen narrazio- eta ikusmen-prozesuei buruzko ikuspegi berriak irekitzen dituen filma.
Bestalde, sektoreko profesionalei zuzendutako Industria Atalak ikus-entzunezko sorkuntzaren aldeko apustua indartu du, Afrikaldiak sustatutako stop motion animazioko lehen film labur dokumentala bultzatuz. Sonia Estevez, Arrieta Saldaña, Kresala Films ekoiztetxea eta 16 afrikar gaztek eta afrikar ondorengoek osatutako taldearekin batera garatu da proiektua.
Afrikaldiak hirian duen presentzia ere handitu du, aurtengo programazioan txertatutako espazio eta jarduera berriekin. Arkabia eta Izaskun Arrue Kulturguneaz gain, Jai Alai apartamentuak izango dira Industria Sailaren jardueren egoitza. Izaskun Arrue Kulturgunean euskarazko azpitituluak dituzten filmen saioak mantenduko dira, eta Arkabian atal ofizialeko proiekzioak eskainiko dira lehen aldiz. Era berean, Olagibel kaleko FOT & CO denda izango da jaialdiaren egoitza ofiziala eta informazio gunea.
Sariak
Jaialdiak hiru sari emango ditu: film onenarena eta jatorrizko soinu-banda onenarena, epaimahaiak emandakoak, eta publikoaren saria film onenari. Epaimahaia Jusciele Oliveira, Lamine Thior eta Carmen San Estebanek osatuko dute.
Aurtengo edizioaren berrikuntza gisa, irekiera-ekitaldia azaroaren 3an, asteartean, izango da, 19:00etan, Arkabiako egoitzan, eta EITB-Afrikaldia saria emango da, ikus-entzunezko industrian aniztasuna sustatzen duten pertsonei balioa ematea helburu duen aitortza berria.
Inaugurazio-ekitaldirako sarrerak doakoak izango dira eta Arkabiako webgunearen bitartez eskuratu ahal izango dira.

