
BIOGRAFIA
Burkina Fasoko zuzendari, gidoilari eta abokatu bat da Boubacar Sangaré, eta Frantzian bizi da. 2014an, Une révolution africaine, les dix jours qui ont fait chuter Blaise Compaoré zuzendu zuen, elkarlanean, Burkina Fasoko herri-altxamenduari buruzko dokumental bat. Haren hurrengo dokumentala, Or de vie (2023), Berlinaleko Forumean estreinatu zen, baina nazioarteko hirurogeita hamar zinemalditan baino gehiagotan hautatu zen, eta dozena bat saritik gora lortu zituen. 2026an, mundu-mailan estreinatu da haren bigarren film luze dokumentala, Djeliya, Memory of Mandingo, Visions du Réel zinemaldian, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, nazioarteko lehian. AFRIKALDIAN estreinatuko da Estatuan, eta aretoetara ere iritsiko da. Gaur egun, hainbat proiektu dauzka abian: fikziozko bere lehenengo film luzea, The Delinquent Gods, eta Searching for the Playboy, Maliko Baba Sora bilioidun misteriotsuari buruzko dokumental bat. Zuzendari gisa ez ezik, Boubacar Sangarék aholkulari gisa ere badihardu zinemarekin eta ikus-entzunezkoen industriarekin erlazionatutako lege-kontuei dagokienez.
FILMOGRAFIA
Djeliya, memoria del mandingo (2026). Film luze dokumentala (112 min).
Or de vie (2023). Film luze dokumentala (85 min).
Une révolution africaine, les dix jours qui ont fait chuter Blaise Campaoré (2015). Film luze dokumentala (99 min).
ADIERAZPENAK
Film honekin, askotariko herriz osatutako eskualde baten memoria kolektiboa berraurkitu eta partekatu nahi dut. Herri horiek kultura-ondare partekatu bat zuten, historiak muga politikoen arabera zaitu baino lehen. Gazteak historia komunaz harro egotea nahi dut, eta historia hori erabiltzera animatzea, komunitateen arteko gatazkarik gabeko etorkizun bat eraikitzeko.
Griot tradizionalekin edo modernoagoekin eta, batzuetan, mundu-mailako ospea duten musikariekin elkartuta, griotaren rol bateratzailearen bilakaera azaltzen dut. Halaber aztertzen dut nola egiten dien aurre Mendebaldeko Afrikak bere iragan kolonialari eta orainaren kontraesanei. Mendebaldeko kolonizazioak zauri ireki batzuk utzi zituen, eta, gaur egun, mugak eta antzinako kolonizatzaileen presentzia ekonomikoa dira zauri horien elementurik agerikoenak. Nahiz eta antzinakoagoa izan eta ez hain ezaguna, arabiarren kolonizazioa ere sentitzen da inguruan islama eta arabiera zabaltzearen bitartez, batzuetan tokiko tradizio eta erlijioekin lehiatzen baitira.
Horrela, filma grioten epika bihurtzen da —intimoa eta historikoa—, adiskidetzeko eta ulertzeko dei garaikide gisa iradokia. Sékou gaztearen bidaia iniziatiko eta unibertsalak pertsonifikatzen du dei hori, zeina bere patuaren eta aitaren bila abiatzen baita. Hurbilketa horretan, Mendebaldeko Afrikako memoria partekatuaren eta bizitzaren erretratu sotil eta poetiko bat egiten da narratzaileen ikuspegitik.

