MAMADOU KHOUMA GUEYE

BIOGRAFIA

Mamadou Khouma GUEYE idazlea, zuzendaria eta mentorea da. 1981ean jaio zen, Thiaroye Garen (Senegal), zorigaiztoko historia daukan toki batean. Dakarko Cheikh Anta Diop Unibertsitatean (Senegal) Historia ikasi ondoren, Dakarko aldirietako herritarrek zinemaz gozatu ahal izateko kanpaina bat eginez hasi zuen ibilbide zinematografikoa, zuzendaritzara igaro baino lehen, Rama Thiaw zinemagilearekin bost urteko mentoretza egin ostean. Beti sinetsi izan du bere belaunaldiak sekulako energia kolektiboa daukala zinema ekoitzi eta banatzeko, eta arteak jende xumeari ere tokia egin behar diola defendatu izan du beti, baita arteak errealitate sozial eta politiko —batzuetan zailak— irudikatzen eta errealitate horien gainean kontzientziatzen lagundu behar duela ere. Hainbat film labur egin eta gero, nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan sarituak horiek, Liti Liti lehenengo film luze dokumentala (estreinaldi nazionala AFRIKALDIA 2025en) sekzio ofizialaren zati izan zen Visions du Réel jaialdian (2025).

Egoitza Dakarko aldirietan (Senegal) daukan Ciné-banlieue jaialdiaren kide sortzailea da, eta, 2015ean, Plan B films Sénégal sortzeaz gainera, «gatz-zaporea» proiektua muntatu zuen, zeinak egoitza artistiko bat, hezkuntza bisualeko tailer bat (langile-auzoetan) eta zinema-jaialdiak (Lac Rose, Senegal) biltzen baititu.

FILMOGRAFIA

Liti Liti, 2025. Dokumentala.    

Xaar Yàlla, 2021. Film labur dokumentala.  

Maamo Maam, 2020. Film labur dokumentala.  

Kedougou, 2017. Film labur dokumentala.  

ZUZENDARIAREN ADIERAZPENAK

1970eko hamarkadan lehorte handien ondoren landa-mundua utzi zuten emakume haiek bezalakoxea da gure ama. «Landa-munduko exodoa» esamoldea gustatzen zait. «Mundu» hitzak jada, bizitzan nolabaiteko konplexutasuna izan zutela iradokitzen du. Beti pentsatzen dut gurasoengan Youssou Ndour-en «Maral» (lehortea) abestia entzuten dudanean.

Krisi ekologikoko testuinguru honetan, ama, milaka emakume bezalaxe, ez zen hiriburuaren bihotzera iritsi, Dakarko periferiara baizik. Emakumeak oso azkar antolatu ziren, eta tontinen inguruan elkartu, kongregazio humanistak horiek. Elkartasun-kate horrek «buru-argitasuna» osatzen zuen hirigune etsai batean. Auzo «mugikor» horietan, Estatuak aitortu gabeko eremu «nomadetan», hala nola Guinaw-Rails auzoan (nirean), emakume haiek oinarrizko azpiegiturak (eskolak, merkatuak eta anbulatorioak) eraikitzea ziurtatu zuten.

Amaren izaerak kaleetan, merkatuetan, Dakarko txoko guztietan eta aldirietan dauden emakume ikusezin eta hunkigarri haiek guztiak irudikatzen ditu.

Zinema, lanbide gisa, ez da arte molde irisgarriena nire ingurunetik datozenentzat. Amak eskolara joaten utzi zidan, eta zineman aritzeko erabakia babestu zuen. Amak toki deserosoa dauka Dakarko gizarte kontserbadore honetan, baina duintasun handiz egiten du aurrera.