BIOGRAFIA
Lotfi Achour Tunisen jaio zen, eta egilea, zuzendaria eta ekoizlea da. Ekonomia ikasi zuen Tunisko Zuzenbide eta Ekonomia Fakultatean. Familian tragedia bat bizi ondoren, aktorea izan nahi zuela konturatu zen, eta, 21 urterekin, Grenobleko kontserbatorioan ikasten hasi zen; gero, Sorbonako Antzerki Ikasketen Institutuan jarraitu zituen antzerki- eta zinema-ikasketak. Lotfi Achourrek 25 antzezlan baino gehiago ekoitzi ditu. Azkenengo ikuskizuna Royal Shakespeare Company konpainiak Londresko Olinpiar Jokoetarako (2012) egindako koekoizpen bat da. Hiru film labur zuzendu ditu, eta dozenaka sari jaso; horien artean, La laine sur le dos dago, Cannesko Zinema Jaialdiaren 69. edizioan film laburren kategoriarako hautatua.
FILMOGRAFIA
Les enfants rouges, 2024. Fikziozko film luzea.
Angle mort, 2022. Fikziozko film laburra.
Burning Hope, 2016. Fikziozko film laburra.
La laine sur le dos, 2016. Fikziozko film laburra.
Père, 2014. Fikziozko film laburra.
Ordure, 2006. Fikziozko film laburra.
ZUZENDARIAREN ADIERAZPENAK
Filma benetako gertaera batean oinarrituta dago. 2015eko azaroan gertatu zen: talde terrorista batek burua moztu zion 16 urteko artzain gazte bati, eta 14 urteko lehengusuari eman zion haren burua, familiari eraman ziezaion. Seguruenik, krimen terrorista traumatikoenetako bat izan zen tunisiarrentzat, eta gure oroimen kolektiboan iltzatuta geratu da. Lehenik eta behin, haurrei eragin zielako, eta, bigarrenik, krimena oso krudela izan zelako. (…) Krimenaren moduan bazegoen irudi mitologiko jakin batzuei lotutako zerbait; adibidez, zefaloforoak gogorarazten ditu, hots, moztu dieten burua eskuan hartuta ibiltzen diren santu martiriak.
Hasieran, uko egin nion istorio horretan inspiratutako film bat egiteari, ikaragarria iruditzen zitzaidalako. Eta, Anissa Daoud ekoizle eta bazkide artistikoarekin batera, beste proiektu bat idatzi nuen, komedia bat; azkenean, ordea, utzi egin nuen, bi artzain gazte horien istorioak obsesionatuta ninduelako. 2018an, Natacha de Pontcharra, Doria Achour eta Sylvain Cattenoy gidoilariekin batera, Los niños rojos filmaren gidoia idazten hasi nintzen. Covida zela eta filma egiteko zailtasun ugariak zirela, azkenean bost urte baino gehiago behar izan genituen amaitzeko.