BIOGRAFIA
Ruandan sortu zitzaion zinemarekiko konpromisoa, tutsien genozidiotik bizirik irtendakoei laguntzen ari zela. Genozidioa zineman irudikatzearen erronkei buruzko lehenengo liburua argitaratu ondoren, zinemara egin zuen jauzi, lehenengo film luze dokumentalarekin: Rwanda, The Penalty Area.
Pertsonak mundu etsai batean nola bizi diren esploratu du Destorsek telebistarako dokumental historikoen gidoilari eta zuzendari arituz: Paris, A Capital History; The Voices of Srebrenica; The 68 Years; Mandela, A Symbol Against Apartheid; Thiaroye 44. Siberiara bidaiatu zuen Norilsk, The Ice Embrace (2018) filmatzera, eta, Toxicily (2023) filmean, Europako zona petrokimiko handienetako bati jarri zion arreta. Didy du laugarren film luze dokumentala.
FILMOGRAFIA
Rwanda, The Penalty Area, 2014. Dokumentala.
Thiaroye 44, 2022. Dokumentala.
Toxicily, 2023. Dokumentala.
Didy, 2024. Dokumentala.
ZUZENDARIAREN ADIERAZPENAK
Nola ohoratu maite duzun norbaiten oroimena film batekin? Nola konpentsatu aztarnarik eza eta oroitzapen lausoak? Nola aurkitu Didy eta Gaëlen bizitzak markatu zituzten gertaera historikoekiko distantzia egokia? Nola kontatu eta partekatu istorio intimo bat publikoarekin, aldi berean Ruandako kulturan hain garrantzitsua den apaltasunari eutsiz?
Gaur, Gaëlek badaki bere historia, Didyren historia eta hura inguratu zuten emakume guztien historia milaka heriotza anonimoren sufrimendu-ozeanoan murgildutako milaka pertsonaren historiak ere badirela. Beste askori bezalaxe, denborak, bizirauteko premiak eta isiltasun babesleak dolua erauzi zioten. Gaëlek bere oroimen umezurtzaren meandroak miatzeko bidaia abiatzen duen artista gazte gisa emandako urrats irmo eta ausartei jarraitzera gonbidatzen gaitu. Hala, familia-lotura hauskor baino ahaltsu baten bihotzera iristeko aukera ematen digu, lotura horixe izaki gizateriaren eromenari aurre egiteko gai den bakarra.