Aïcha Camara

Aïcha Camara zinemagile eta optiko-optometrista afro-ondorengoa da; Madrilen bizi den arren, Conakryn (Ginea) jaio zen, eta 9 urterekin emigratu zuen Espainiara. Aktibismo sozialaren, arte zinematografikoaren eta begi-osasunaren arteko bidegurutzean egin du ibilbidea, eta konpromiso handia dauka istorio afrikar eta afroespainiarrak begirada pertsonal, politiko eta estetiko batetik ikusarazteko.

Eremu zinematografikoan, eduki sozial handiko lanak idatzi eta zuzendu ditu; besteak beste, MYA (2021), emakumeen mutilazio genitala salatzen duen film laburra, zeinak Film Labur Onenaren saria jaso baitzuen FICSEM jaialdian (Torrevieja), baita ikus-entzuleen gorespena jaso ere, hainbat jaialditan, hala nola Sanse, Cortos en Abierto deiturikoan. Nazioartean garrantzitsuak diren zenbait eremutan aurkeztu du pieza hori; adibidez, Casa África partzuergoan eta zinema sozialeko zikloetan.

2023an, Camarak Jimmy aurkeztu zuen, 2002an eraildako Ndombele Augusto Domingos nerabe angolarrari omenaldia egiten dion film laburra; Astrid Jones da protagonista. Obra poetiko eta konprometitua da, eta, Jimmyren irudia gizatiartzeaz gainera, gazte arrazializatuen kontrako indarkeria instituzionala salatzen du.

Gaur egun, bere lehenengo film luzea filmatzen ari da, Un sueño, Lanfia Keita osabaren bizitzan oinarritua: Gineako abokatu migratzaile hura Espainian hil zen, arreta medikua ez jasotzeagatik. Film horrekin, isilarazitako istorioak kontatzeko helburuari jarraitu dio Aïcha Camarak, sentikortasun estetikoa eta salaketa soziala elkarlotzen dituen narratiba oinarri.